XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PLANETA BLUIEKO GIZONARI

Ce qui m'intéresse, c'est les cendres. Y. KLEIN

HARTU zinuen pintzel bat, tinda bluiean trenpatu eta
kolore dirdiratsuarekin hasi zinizkion emazteari izterrak
tindatzen, sexoa, sabela, bularrak. Zure marka osoki eman
arte. Inprimatu zen haren gorputz bluia mihisean. Haragi
tindatua ongi zapatu zen tokietan, larruaren zimurrak
pakidermo batenak bezala agertu ziren izara garbian
geografi fantastiko bat sortuz. Bluibluia.
Eta ni, zure bluian sartu nintzan aspaldidanik
igurikatzen nuen kontinente ezezagun ezagun batean
bezala.
Kolore arraro hori jastatua nuen jadanik Giottoren
zeruetan, Kandinskyren zaldizko bluiean, tatamietan,
erreka bazterretako zenbait orhoit-lilietan. Bainan zurekin
bluiak kuadrotik ihes egin nahi zuen, mugak puskatu.
Haur sortu berri sartu nintzan zure itsasoan.
Belogi blui harekin, itsas-zolan ebatsi izaki borobil
bitxi harekin, pintatu nuen ene gorputza. Idetsi nuen
kolore bluia zainetan ixuri zitzaitan. Sumatzen nuen edari
lodia zariola ene barnean. Itsas-zerumugan edan zintudan.